Kaixo:
Ubide, Euskal Herriko herri koxkor bat duzu. Euskal Herritik zehar ibiltzen naizenean eta nongoa naizen esan beharrean izaten naizenean, derrigor azalpentxoren bat eman behar izaten dut: "Bizkaiko herria da, Bilbo eta Gasteiz lotzen dien 240 errepidearen alboan. Bizkaiko herria garen arren, lotura hobea dugu Gasteiz alderantz".
Gorbeiako Parke naturalaren atari-atarian gaude. Gure herriko hainbat baserri eta etxeetako leiho eta atarteetatik Gorbeia mendi gailurreko gurutzea bistan dugu. Eguraldi argi eta eguzkitsuetan, gurutzea guretik 200 metrora dagoela dirudi. Bidenabar, esan behar da, mendizale askok egiten duela Gorbeiara igotzeko hautua gure herriraino autoz edo autobusez etorrita.
Egitura sozioekonomiko indartsurik ez duen herria gara, gehienok eguneroko ogiaren bila Ubidetik kanpo ateratzen gara, bertan bizimodua ateratzen dutenak artzain batzuk eta basolangileak dira, (hauei esker gure herria ingurumen kalitatezkoari lotuta zaintzen da); eta ostalariak, Urbide jatetxea horren adibide argia dugularik.
Gaur egungo ubidetar asko beste herri edo hiri batzuetatik etorritakoak gara, herri txiki honek eskaintzen duen ingurune zoragarria, edertasuna, lasaitasunaren bila etorritakoak gara, eta aipatzekoa da guztion artean zein giro ederra lortzen dugun, herri-kohesio dezentea lortzeko gaitasuna duen herria gara. Kanpotarrak ubidetartzeko bideak era armoniatsu batean garatu izan ditu betidanik herri honek.
Lerro hauen bidez zer gehiago esan diezazuket? Nire gomendioa da Ubide ondoko errepidetik pasatzen zarenean, bertaratu zaitezen gurekin tragotxo bat hartzera. Une batez goza ezazu herri honen edertasuna, zatoz herriko plazaraino eta Undabe eta Zubizabal errekek bat zelan egiten duten, Santa Engrazia ibaia sortuz, ikustazu. Inoiz Gorbeiara igotzeko asmorik duzunean, zatoz gure herrira eta hemendik Zubixola bidea hartuta igo zaitez. Ez duzu damurik izango.
Euskal Herriak nozitzen duen zapalkuntza politiko, administratibo, ekonomiko, sozialak sortzen didan kezka aipatu nahi nuke alkate naizen aldetik. Euskal Herriko herri askotan nire kide diren alkate eta zinegotziak jazarpen bortitza jasaten ari dira, gure eguneroko lanean kartzelaratzeko mehatxuak etengabean lepagainean ditugu, batzuk kartzelaratu dituztelarik. Euskal herritar askeak ez gara, gure ildo politikoak, aldarrikapen soziopolitikoak, abertzale independentziazale garenok zigorpetzeko trikimailu errepresoreen jomuga gara. Horren ondorio euskaldunez beterik dauden kartzeletara, erbestean jazarpenaren ihesian diren txokoetara, torturatuak diren eta izan direnen bihotzetara, eta hauek denen senitarteko eta lagunei nire besarkada maitekorrena bidali nahi diet Ubide Herritik.
Joxan Pagola Kortajarena